Europa gidarien atsedenaldiez arduratzen da
Errepide bidezko garraioari eta gidarien atsedenaldiei dagokienez, arauak oraingoz ez dira aldatu. Atsedenaldiei buruz indarrean dagoen araudia EUROPAKO PARLAMENTUAREN ETA KONTSEILUAREN 2006ko martxoaren 15eko 561/2006 zk. ERREGELAMENDUA (EB)da.
Orduan, zer gertatu da?
Egin dezagun atzerabegirakoa errepide bidezko garraioan zer gertatzen ari den ulertzeko.
Oraingo araudiak gidatzeko gehienezko denbora-tarteak eta egunero eta astero gutxienez egin beharreko atsedenaldiak zehazten ditu. Baina, azkeneko urtean zeresan handia eman dute azken horiek, hots, astero egin beharreko atsedenaldiek.
Araudiaren arabera, asteroko atsedenaldia gidariak eduki dezakeen denbora librea da. Atsedenaldi hori aurreko asteko atsedenalditik ondoz ondoko seigarren laneguna amaitu baino lehen hasi beharko da.
Eta, zenbat denbora daukate atseden hartzeko?
Baldintza batzuk betetzen badira, litekeena da asteko atsedenaldia 24 eta 45 ordu artekoa izatea (asteko atsedenaldi murriztua), baina asteko ohiko atsedenaldiak behintzat 45 ordukoak izan behar dira.
- irudia: asteko atsedenaldien eskema. Iturria: Sustapen Ministerioa.
Eta, non egin behar dira?
Hortxe dago gakoa.
“Legea jarri zuenak tranpa jarri zuen”
Araudiak honela dio: gidariak horrela nahi badu, enpresaren ustiapen-zentrotik kanpo egiten diren eguneko atsedenaldiak eta asteko atsedenaldi murriztuak ibilgailuan bertan egin ditzake, betiere atseden hartzeko beharrezko guztia badu eta aparkatuta badago.
Idatzi horretatik ondoriozta dezakegu ohiko atsedenaldiak ezin direla kamioiaren kabinan egin, eta, bai, ordea, gidarien atsedena bermatzeko erosotasun eta higiene baldintza minimoak betetzen dituzten toki egokietan, hoteletan eta ostatuetan kasu.
Horrelako atsedenaldiak egiteko toki egokiena zein den hitzez hitz aipatzen ez zenez, gidari batek baino gehiagok 45 ordutik gorako atsedenaldiak ibilgailuetako ohe edo ohatzeetan egiten zituen.
Horregatik, pasadan urteko maiatzean, Europar Batasunak araudia aldatzeko proposamena aurkeztu zuen. Paragrafo batek asteko ohiko atsedenaldiak ibilgailuan egiteko debeku esplizitua jasotzen du, eta enpresariak gidariari ostatu egokia emateko betebeharra ere barne dago, 45 ordutik gorako asteko atsedenaldia etxean egiteko aukerarik ez badu, behinik behin.
“Bakoitzak bere etxetik atera behar kontuak”
Belgikan, 45 ordutik gorako atsedenaldiak kabinan egitea debekatzeko errege dekretua martxan jarri zenean, 2014ko abuztuan, Baditrans garraio-enpresa belgikarrak Raad van Stateren (Belgikako Estatu Kontseilua) kontra errege dekretua baliogabetzeko errekurtsoa jarri zuen. Azken horrek araudia azaltzeko eskatu zion EBJAri (Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari), kasu horietan zehapenak jartzea debekatzen den jakiteko.
Europar Batasuneko Auzitegiak 2017ko abenduaren epaiarekin Belgikako Gobernuak aurrera eramandako ekintzak legezkoak zirela iritzi zuen. Eta gainontzeko estatukideei gogorarazi zien haiei dagokiela araudia betetzen ez duten enpresariei zer zehapen jarri behar zaizkien erabakitzea eta haiek betetzen direla egiaztatzeko bitartekoak jartzea.
Beraz, estaturen bat zehapenetatik “libre” egotea denbora kontua da. Asteko ohiko atsedenaldiak, kabinan, amaitzear daude.